HISTORIA – LOCALIZACIÓN – HORARIOS – NOMBRE – FOTOGRAFÍAS
Breve historia del instituto
Biurdana institutuaren historia Nafarroako irakaskuntza publikoak euskarazko batxilergorako egindako lehen eskaintzatik abiatu zen. Iruñean zegoen eskaera ikusirik, Hezkuntza administrazioak 1988. urtean erabaki zuen euskarazko eredu bat Batxilergorako sortzea egungo Ermitagañako Navarro Villoslada institutuan.
1995. urtean, Navarro Villosladako ikasle euskaldunak ikastetxez aldatu zituzten, eta Biurdana BHI sortu zen Donibane auzoan, garai batean Fernando Remacha izena zuen Lehen Hezkuntzako eraikin batean.
Aro berri horren barnean eta urriaren 5eko 1/1990 Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Lege Organikoaren (LOGSE) arabera, Biurdanan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) indarrean jarri zen.
1997aren hasieran ikastetetxeko eraikinak Batxilergo berriei aurre egiteko erabat prestaturik eta horniturik gelditu ziren.
Biurdana BHI sortu zenetik, eraikina hiru aldiz handitu behar izan dute gero eta gehiago handitu den ikasle kopurua hartzeko. Baina eraikina laugarren aldiz ezin zenez handitu eta Biurdanako ikasle guztiak Biurdanan sartzen ez zirenez, 2014-2015 ikasturtean Batxilergoko ikasleak ondoan dagoen Donibane institutuko eraikin batera eraman zituzten. 2016-2017 ikasturtean, DBHko 4. mailako talde batzuk ere eraman behar izan ziren Donibanera.
Biurdanako masifikazioaren aurkako borroka luzea izan da. Azkenean, hezkuntza komunitateak eginiko borroka eredugarriari esker, eta gobernu aldaketari esker -aurrekoak ez baitzion arazoari behin betiko konponbiderik eman nahi izan-, 2018ko irailerako bertze institutu bat egonen da Iruñeko iparraldean eta horrek Biurdana ikaslez hustuko du.
Gaur egun, Biurdanak ondoko ikastetxeetako ikasleak hartzen ditu: PATXI LARRAINZAR (Iruñea), SANDUZELAI (Iruñea), AMAIUR (Iruñea) -institututik gertu bizi diren ikasleak-, AUZALAR (Orkoien), ATAKONDOA (Irurtzun) eta IBARBERRI (Lekunberri). Azken horretatik gutxi etortzen dira. Eta San Frantzisko eskolatik (Iruñea) baten bat ere etortzen da urtero.
¿Quiénes somos? (definición)
- Biurdana Bigarren Hezkuntzako institutu publikoa irakaskuntza lana euskara hutsean (D ereduan) egiten duen ikastetxea da, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik dagoena. Bertan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) eta Batxilergoari dagozkien ikasketak eskaintzen ditugu.
- Lan pedagogikoan, antolakuntzan eta kudeaketa ekonomikoan institutua autonomoa da. Autonomia hau, batez ere, Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan (nortasunaren adierazgarria), Curriculum Proiektuan (bide pedagogikoa) eta Urteko Programazio Orokorrean nabarmentzen da.
- Institutu hau Donibane auzoan kokaturik dago, Biurdana parketik gertu, hezkuntzarako bereziki prestatu den eremuan, bertan baitaude Julio Caro Baroja eta Donibane Bigarren Hezkuntzako institutuak.
- Biurdanan, 12-18 urte bitarteko ikasleak prestatzen ditugu.
- Gure ardura da ikasleek Euskal Herriko kultur eta tradizio altxorra eskura dezatela, XXI. mendeko Europako hiritarrak izateko formakuntza irekia eta osatzailea bereganatzen duten bitartean.
- Irakaskuntza osatzeko eta garapen pertsonala, kulturala eta akademikoa lortzeko, esparru zabaleko jarduera osagarriak eskaintzen ditugu.
- Ikasleen lan azturak bultzatzen ditugu. Beren formakuntza sakona eta edukien maila egokia bermatzeko, eguneroko lana eta ardura sustatzen ditugu.
- Irakasleen etengabeko formatze eta gaurkotzea. Institutuak urtero ikastetxeko irakaskuntza maila bermatuko duen formakuntza plana antolatu eta garatzen du.