https://drive.google.com/drive/folders/1-GaJfWWFIPaYJKrlwqP78H7U2Gpr700L?usp=sharing
Ikasle belaunaldi maitea,
Gaur, batxilergoa amaitzean agur esaten dizuegularik, emozioen nahasketa bat dugu: poza, hazten eta aurrera egiten ikusteagatik, baina baita nostalgia ere, agurrak gazi-gozoak izan ohi direlako, partekatu ditugun momentuei, sortutako konplizitateari gero arte esaten baitiegu gaur eta hemen.
Egun berezi honetan, elkarrekin bizitako uneak gogoratu nahi ditugu, bai gelan konpartitutakoak baina baita ateraldietan, laborategian, liburutegian, oasian, edozein ekimen antolatzean, ikasbidaian edota hemendik kanpo sortutakoak ere. Eskuratutako ezagutzak baliagarriak izango zaizkizuelakoan gogoratu transmititzen saiatu garen guztian ere. Bai zuek eta baita guk ere, modu inplizituan bereganatu ditugun ikaspenak izango baitira benetan gure etorkizuneko itsasargi.
Irakasgai bakoitzean eta zuekin partekatu ditugun egoera askotan, errespetuaren, enpatiaren, elkartasunaren eta erantzukizunaren haziak ereiten saiatu gara. Ematen duzuen urrats bakoitzean presente izatea espero dugu. Zuengandik ere asko jaso dugu, izan ere, bi norabideetan ikasi dugunaren sentsazioa izan dugu zuekin. Umorea, konpromisoa, inplikazioa eta giro goxoa nagusitu dira gure saioetan eta benetan plazer bat izan da lanera etortzea.
Orain bide eta aukera berriak irekitzen zaizkizue. Aurrera egin ahala, gogoratu beti garrantzitsua dela ondokoa zaintzea, zintzoak izatea, arduraz jokatzea eta dena zalantzan jartzea. Ez beldurrik izan aurkezten zaizkizuen erronkei, ausardiaz eta erabakitasunez aurre egiteko gai zaretela argi dugu.
Irakasle gisa agur esaten badizuegu ere, beti gure oroitzapenen parte izango zaretela jakin ezazue. Zuetako bakoitzaz harro gaude eta konfiantza osoa dugu zuen helburuak lortzeko eta ametsak betetzeko ahaleginduko zaretela.
Ospakizun- eta agur-egun honetan, eskerrak eman nahi dizkizuegu ikaskuntza etapa honetan hainbat momentu polit oparitzeagatik.
Zaindu zuen buruak eta zaindu ere maite duzuen hori. Zorion guztia opa dizuegu datorren bide honetan.
Maitasunez,Eskerrik asko.
Utzi erantzuna