Biurdana institutua 2000. urtean hasi zen Irakurketa Publikoa antolatzen. Urtero antolatzen du.
Irakurzaletasuna sustatu nahi du Irakurketa Publikoak, hitz irakurria hitz mintzatu bilakatuz, ekintza pribatua publiko bihurtuz.
Liburuaren Nazioarteko Egunaren karietara egiten dugu Irakurketa Publikoa Biurdanan, baina ez prezeski apirilaren 23an, egun horren inguruko ortziraleren batean baizik.
Euskal Liburuaren irakurketa publikoa egiten dugu Biurdanan. Hau da, euskarazko liburuen pasarteak ozen irakurtzen ditugu; geure irakurketa publikoarekin euskal literaturari egin nahi baitiogu gorazarre.
Urtetik urtera aldatzen dugu Irakurketa Publikoaren idazle omendua eta ez ohi dugu liburu bakar baten inguruan antolatzen. Ahal dela, aukeraturiko idazlearen hainbat libururen pasarteak irakurtzen ditugu.